Lehen aldiak oso garrantzitsuak dira denontzat. Ziurrenik denak gogoratuko gara gure txikitako gelako kideez, edota lehen aldiz sexu harremanak izan genituen aldiaz. Eta denok ditugu oroitzapenak lehen aldiz hilerokoaz jakin genuen uneaz. Uteroarekin jaio garenak gainera, biziki gogoratuko dugu gure lehen hilerokoa.
Hilerokoaren lehen aldia menarkia deritzo, eta momentu garrantzitsua izan ohi da, prozesu honekin harreman bat edo beste izateko. 8, 9, 10, 11 edo 15 urterekin bizitutako une hark, askotan, gure ondorengo bizipenak markatzen ditu. Baliteke azalpen gutxi (edo batere) jaso izana gertatzen zitzaizunaz. Izan daiteke ordea, inguruak informazio oparoa eman izana.
Pentsa dezakegu egun gauzak aldatu direla. Jada hilerokoa ez dela tabu bat. Gure txikiek modu “magiko” batean, beste jakintza batzuek izango dituztela. Baina gure eskoletako azken urteetako esperientziak ez dio hau horrela denik. Haurren burutxoetan hilerokoa nazka, beldurra eta lotsa erlazionatzen da. Kezka zein galdera potoloak izaten dituzte prozesu honen inguruan.
Gure apustua menarkia prozesuak gertu eta samur bidelaguntzea da. Eskoletan, lagun artean, bizikidetzan, enpleguetan… Denok daukagu ardura mezuen transmisore eta zaintzaile bezala, gizarteko eremu guztietan ikuspuntu zikliko hau txertatzen joateko.
Zu zeu abiapuntu
Oso zaila da norberaren prozesu propioa behatu gabe bidelaguntza egiteko prest egotea. Zure zikloarekin harremana kaxkarra (edo harreman gabekoa) bada, ia ezinezkoa izango da “beste istorio” bat kontatzea.
Abiapuntua beraz, zu zeu izango zara. Zuretzako denbora tarte bat hartzea gomendatzen dizugu, leku atsegin batean, infusio bero edo ardo goxo batekin. Prest zaudenean galdetu zure buruari:
- Zein da hilerokoaren inguruan daukadan lehen oroitzapena?
- Ze sentsazio sorrarazten dit oroitzapen horrek?
- Ze mezu jaso izan ditut, etxean, eskolan, lagunartean, komunikabideen bidez, etab. hilerokoaren inguruan?
- Haurrekin hilerokoaz hitz egin izan dut? Eta nola sentitu naiz?
Menarkiaren prozesuan, zenbait gako
Hemen behean menarkia prozesu hau bidelaguntzeko gako batzuek partekatzen ditugu:
– Lehen hilerokoa 8 urteetatik 16 urtetara bitarte eman daiteke. Zenbait ikerketak aditzera ematen ari dira hiperestrogenismoaren, bestela esanda, hormonengan ematen den kutsaduraren ondorioz, hilerokoa geroz eta lehenago etortzen ari zaiela oro har egungo gazteei.
– Lehen bi urteak ez-ziklikoak izatea ohikoa da. Honen adibide izan daiteke fluxu apur bat askatzea egun batean, hurrengo hilabeteetan ez, ondoren 2 asteetan zehar bi fluxu garai izatea. Ongi dago horrela, gorputza bizi-ziklikorako prestatzen dabil.
– Hilerokoak ez gaitu ez heldu eta ezta emakume bilakatzen. Umeei hau esateak presioa sor dezake bizipenean.
– Material ezberdinak topatu sarean eta liburutegian, erreferentziak izatea garrantzitsua da. Haurrari eskaini aurretik behatu eta erabaki ea egokia den.
– Adi egon egiten dituen galderei. Hortik abiatu zaitezke informazioa (gutxinaka eta bere erritmoak errespetatuz) ematen joateko.
– Gogoratu hilerokoa prozesu oso bat bezala aurkezteaz, ez soilik “fluxu gorri jario egunak” bezala.
– Hilerokoa, sexualitatea, anatomia eta ugalketa gai potoloak dira. Denak elkarrekin, nahasturik eta laburrean azaldu nahi izateak konfusioa eragin ohi du.
– Hilerokoa izango ez duten haurrekin ere gaia lantzea ezinbestekoa da, menarkian igarotzen ari diren kideen bidaide izango direlako hauek.
– Azkenik, hilerokoak berez ez du minik eman behar. Ematen badu (fisikoa edo emozionala) atenditu behar da, ez normaltzat jo.
*Argazkia Enara I. Dominguez-ez marrazki bat da (hemen gehiago)
*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2022ko otsailean