Benito Lertxundik ongi abesten duen bezala, “Urak dakarrena urak daroa”, baina hori (neurri batean bada ere) ahaztu dugula dirudi. Ura badator, eta ura badoa. Bizitzaren ziklikotasunaren adierazle bikaina bera. Batzuetan, ordea, badirudi gizakiok zingira artifizial eta ilun batean trabaturik gabiltzala. Besoak mugitzen ditugunean gero eta gehiago hondoratzen gara lokaztutako ur zikinetan. Eta guk erreka fresko baten iruditegia berreskuratzea nahiagoko genuke.
Ura bizitzaren elixirra da, ziklikoa guztiz eta nolabait zerutik erortzen den eta ezinbestekoa dugun mana zoragarria. Alabaina, eskasiaren garaiak heldu direla dirudi. Gizakiok gure garaien hasieratik gabiltza materia likido hau kudeatu nahian, guretzat ziurgabeak diren bideetan barrena, eskasiaren eta uholdearen artean dantzan. Ura etxekotu nahian, presak sortu ditugu, eta ibai eta erreka ederren bide naturalak aldatu.
Gaur egun, jada, argi adieraz dezakegu uda beroegiak ditugula eta negu zein udaberri ez duela nahiko euririk egiten (edo baliteke ere zuhaitzen mozketa ugariek, uraren zikloan eragina izatea). Beraz, nahiz eta gure Euskal Herri maitean ura ondasun oparoa den, agian, datozen urteetan kinkan jarriko gaituen zerbait izango da.
Ez gara sartuko datu eta estatistika distopikoetan; badaude hainbat idatzi hor barna, informazio objektibo ugarirekin. Uste dugu, hori irakurtzen ari bazara, jakingo duzula (intuizioaren jakintzak kontuan izan eta balioztatu itzazu, arren) uraren afera arazo bat izango dela datozen urteetan, eta gaur egun jada arazo handi bat dela munduko beste zenbait lurraldetan. Horri gehitu beharko genioke uraren kalitatea eta urak jasaten duen kutsadura gero eta handiagoa. Horretan ados egongo gara; hondartzara edo ibai ertz batera hurbildu besterik ez dugu geure begiekin baieztatzeko. Kutsadura begien bistan badugu, nolakoa izango den ikusten ez duguna…
80ko eta 90eko urteetan jaiotakoak gara; beraz, etxeko ura (edatekoa dena) beti ikusi dugu jarioan kaniletatik. Horretaz gain, hondartzan bainatu izan gara, eta mendietan topatu ditugun iturrietatik inongo arazorik gabe edan izan dugu. Baina hori ez da beti horrela izan, eta ziurrenik ez da beti horrela izango.
Mendebaldeko gizakiok, begirada zabaltzen badugu, konturatuko gara ura dela biosferarekin batera bizirik egoteko ezinbesteko materia. Urari poesia idaztea ateratzen zaigun arren, praktikora salto egin nahi dugu. Horretarako, jarraian, galdera/erantzun batzuk proposatzen dizkizugu. Jolas moduan egin nahi dugu, eta ahal dela gure begirada munduko beste lurralde batzuetan jarrita. Beraz, hasieran galderak jarriko ditugu, eta beherago guk gaur egun arte topatu ditugun erantzunak/gogoetak. Bazatoz txori kuxkuxero hura bezala urarekin jolastera?
1) Zure familiak badu edateko urik? Noiztik du ura etxean?
2) Zeinek kudeatzen du ura zure eskualdean? Enpresa pribatu batek? Udal zerbitzuak?
3) Nondik dator kontsumitzen duzun ura? Nondik jasotzen da ur hori?
4) Zenbat txorrota edo iturri ditu zure etxeak?
5) Zertan erabiltzen da batez ere ura zure etxean?
6) Badakizu gure gorputzaren ehuneko zenbat den ura?
(Galderak/gogoetak idatzi zein ikertzeko denbora bat hartzera gonbidatzen zaitugu. Idatzi hau ez da hemendik mugituko.)
*Argazkia: A!G
*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2023ko martxoan