Ohikoa da obulazioa haurdun geratu nahi izatearekin erlazionatzea. Baina, gure apustua, obulazioari bere horretan arreta eskaintzea da. Osasun adierazle garrantzitsu bat da. Azalean, ilean, loan, baita gure umorean zuzenean eragiten du gure obulazioak, kimikoki. Obulazioaren behaketari esker jakingo dugu gure oreka hormonala nola dagoen besteak beste.
Gure obulazioari begira jarri nahi dugu, gure gorputzaz gozatu nahi dugulako. Ez dugu desio beste gizaki bat sortu, baizik eta guk geu arau normatiboetatik harago bir-sortu eta Bizi.
Fase garrantzitsu honetara hurbiltzea zaila egin zaigu, halere. Alde batetik, aipatutako emakumeen* ugalketa eredu inposatuarekin erlazionatu izan baitugu. Baina honetaz gain, fase honetan arau sozial asko betetzea errazagoa egin ohi zaigu. Normalitate estereotipatuaren barruan kokatu gara, azal garbia izan dugu eta politak izan gara, lagunkoiak, bitartekariak, hizlariak eta alaiak.
Obulazio unearen bueltan gaudenean besteak zaintzeko joera areagotu ohi zaigu, eta gainera beste gizaki bat sortzeko gai den fasea da. Emakumetasunarekin erlazionatzen diren ezaugarri nagusiak, oraindik ere sustatzen direnak eta belaunaldiz belaunaldi betikotzen, puztu egiten direla dirudi. Obulazioaren egunaren inguruan bilakatzen gara “benetako emakume”.
Bakardade sentimendu sakonak harrapatuta, maitatuak eta onartuak sentitzeko erreguka ikusi izan dugu gure burua. Gehienetan makillatzen ez garen pertsonak egun hauetan apaintzeko gogoa piztu izan zaigu, eta honek gure inguru disidenteetan harridura eta komentarioak eragin ohi ditu, gure onarpen sentimendua ahulduz.
Fase honetan sexu desira pertsona ezberdinetara bideratu izan ohi dugu eta honek barneratuta dugun monogamiarekin egin du talka. Baita emagalduaren etiketaren gainean dagoen moralitatearekin.
Gure arbaso emakumeen oinordetza sentitu ohi dugu indartsu gure pentsamendu eta jokabideetan. Eta batzuetan honek, azalean azkura eragin izan digu. Eta haserretzen gaitu uneoro emankor egoteko araua sentitzen dugulako.
Arestian gure erronka fase honetan, rol sexistetan erori gabe bizitzea zen. Orain badakigu ziur aski eroriko garela hauetan. Baita aterako garela ere. Ziklikoak garelako.
Obulazio fasea kokatzeko pistaren bat edo beste eman gura dugu orain. Zure zikloaren egun kopuruaren bataz-bestekoari kendu 11-14 egun eta printzipioz, emaitzen egunaren bueltan emango da.
Litekeena da egun horien bueltan sukulentzia (edo fluxu) zerbikal gehiago izatea, hezetasun sentsazio handiagoa. Fluxu hau nahiko gardena eta oso elastikoa izan ohi da. Komunera joatean papera behatu, askotan dirdiratsu geratzen da. Bestela ere, fluxu hau behatzen artean hartu dezakegu eta behatu. Baginatik jaisten den hau, obulatu ondoren eraldatzen joaten da, lehorragoa eta zuriagoa bilakatzen. Ez bada horrela, estrogenoak topera jarraitzen dutenaren adierazgarri izan daiteke.
(Honen harira parentesi bat: salvaslip-en inguruko hitz batzuk aipatu nahi ditugu. Izan ere ohikoa da fluxu hau jasotzeko saiakeran slip-salbatzaile hauek jartzea, baina gure aluak material hau arrotz sentitzen du eta ondorioz sukulentzia gehiago sortu ditzake babes moduan). |
Gorputzean nabari ditzakegun beste adierazle batzuk azalaren leuntasun eta garbitasun sentsazio handiagoa izan daiteke, bularrak apur bat puztea, eta kasu batzuetan molestia (edo mina) nabari obarioaren inguruan.
*Argazkia Enara I. Dominguez-ez marrazki bat da (hemen gehiago)
*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2022ko otsailean