You are currently viewing Lurra-gorputza-lurraldea (Abya Yala inspirazio beti)

Lurra-gorputza-lurraldea (Abya Yala inspirazio beti)

Denboraldi honetan zerbait ikasi eta gorpuztu badugu, Lurra, gorputza eta lurraldea bat direla ikasi dugu. Hori, noski, gure ustetan, mundu ikuskera (kosmobisio) zabalagoa duten kideei esker ikasi dugu, eta kide horiek Abya Yala erresistentzian daudenak dira, hein handi batean. Erreferentzia eta inspirazio izan dira gure ibilbidean, eta asko elikatzen gara haien egitasmo eta filosofietatik.

Lurralde haietan (Erdialdeko Amerika eta Mesoamerika deitzen diogu Abya Yalako alderdiari) proiektu transnazional ugari eramaten dira aurrera. Oraindik ere, gure Mendebalde ustiatzailearen kolonialismoa pairatzen dute; neokolonialismo deritzo honi. Hara iritsi, oraindik basatia-edo den lur zati bat edo erreka bat ikusi, eta megaproiektuak martxan jartzen dituzte, bertako komunitateak botata, defendatzaileak mehatxatuta eta beharbada, kide horiek hilarazita. Famatua da Berta Caceresen kasua, eta, hartaz gain, badira beste asko eta asko ere1.

Aurreko artikuluetan argudiatu dugun bezala, ez da hutsala gure erreka eta lurren egoera, eragin zuzena du gure gorputzetan eta osasunean gabezian. Gure mundu ikuskeran, gauzak banatuak daude; erreka bat hor kanpoan dago, eta beste mendi hura ibiltzera joateko erabiltzen dugu, baina hori ez da horrela, denak du eragina gure bizitzetan, elkarren dependentzia dugun izakiak gara eta izaki ekodependenteak, ekosistema oso baten parte garelako. Beraz, gure egunerokoan zapaltzen dugun lurrean zerbait geratzen bada edo edaten dugun ura dagoen urmaelean mugimendurik badago, gure gorputzean eragina izango du.

Horri gehitu behar diogu lurraldean (politikoki zein sozialki) sortzen dena mugimendu horien eraginez. Aldaketak gertatzen doaz gure begiekin ikusten ahal ditugun paisaietan, eta aldaketa horiek eragin zuzena dute barruan ditugun padura, erreka, mendi eta zelaietan, nahiz eta guk ez ikusi. Adibide lurreratu bat gehiago jartzearren, zure auzoko zuhaitz gehienak mozten badituzte, egunero arnastuko duzun airea askoz kutsatuagoa egonen da.

Abya Yalako kideen inspirazio pragmatiko eta samurrari tiraka, datozen lerroetan ariketa bat proposatu nahi dizugu. Hartu orri bat eta koloreetako margoak. Pinta ezazu zure gorputzaren silueta; nahiago baduzu, paper handi batean egin dezakezu, eta zure gorputza, tamaina errealean agertu. Ondoren, adierazi izan dituzun gaixotasun, baita zauriak eta oraindik erdi irekiak dauden orbanak ere. Min horiek fisikoak eta emozionalak izatea gomendatzen dizugu. Nolakoa da zure gorputz lurraldea? Zein tokitan duzu edo izan duzu mina? Zergatik izan duzu?

Jarraian, irudika ezazu zure herria, auzoa edo hiria; ziur gaur badirela tokiak zuretzat garrantzi berezia dutenak, ibai bat, plaza bat, mendi bat… Adieraz itzazu zure siluetaren gainean. Gorputzaren zein tokitan sentitzen dituzu horiek? Zergatik adierazi dituzu hor?

Ezinbestekoa da bateratzea, garen guztiarekin bat egitea, “kanpo natura” hori gure baitan sentitzea konexioak gogoratzen jarraitzeko, eta garen lurra-gorputza-eremua osotasun batean ulertzen eta barneratzen (jarraitzen) joateko. Kapitalismoari gu zatikatuak egotea interesatzen zaio, zatiak salerosi egin daitezkeelako hesitutako lur zatiak balira bezala, zatika bizitza bere osotasunean ulertzea zailagoa delako. Deserrotuak bagaude errazagoa delako kapitalaren logiketan sartzea. Baina guk errotu egin nahi dugu, sendo eta indartsu, 100 urteko haritz batek bezalaxe. Horretarako, oso garrantzitsua da adi egotera eramaten gaituzten ariketak egitea, eta, gure kosmobisio ziklikoaren abangoardiak garen aldetik, bizi garen lurraldearen garrantzi politiko eta soziala batzea, eta noski, modu anitzetan elikatzen gaituen lurra babestea.

Egin dezagun bat, beraz, garen lurrarekin, gorputzarekin eta eremuarekin!

1https://www.amnesty.org/es/latest/news/2022/02/americas-alert-killings-human-rights-defenders-journalists/

*Argazkia: Ara!Gorputz

*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2023ko martxoan