You are currently viewing Hiperestrogenismoari planto

Hiperestrogenismoari planto

Aurreko artikuluetan, obulazioaren garrantziaz eta hura oztopatzen duten kanpo baldintzez jardun gara. Progesterona hormona lasaigarriaren gabeziez eta estrogeno hormona rave zalearen nagusitasunaz. Hiperrestrogenismoa termino medikoa izateaz gain, bizimodu azeleratua definitzeko ere erabiltzen dugu guk.

Gaur, gure oreka hormonala zaintzeko, norbanakook dezakegunaz zenbait pista eman gura dugu.

Lo gauden bitartean, serotonina sortzen dugu. Ongi sentitzearekin zerikusi zuzena duen neurotransmisore bat da. Eta emakumeek*, oro har, askoz ere kopuru txikiagoan sortzen dugu.

Bestalde, lo gaudelarik zelulak birsortzen ditugu. Emakumeek* bereziki gaizki egiten dugu lo, eta, ondorioz, inflamazioak eta koagulazioak izaten ditugu. Gaizki lo egitearen arrazoi batzuk angustia, liskarrak, depresioa eta amorrua dira. Adrenalina askorekin oheratzen gara, azken une arte lan egiten dugulako oro har. Ez gara lanetik eta arduretatik deskonektatzen.

Kalitatezko atsedena merezi dugu. Logura dugunean oheratu, eta ordu pare bat lehenago erlaxatzen gaituzten ekintzak, elkarrizketak eta pentsamenduak erakarri. Pantailak alde batera utzi denbora tarte horretan.

Jada ohean gaudenean, guztiz ilunpetan egotea komeni da melatonina sortzeko. Hori bai, ilargi betearen inguruan hiru gauez argi apur bat sartzen uztea ondo dago.

Jakiak, elikagaien ordez. Jateko asko dugu, baina supermerkatuetako produktu gehienek ez digute ekarpen handirik egiten; horren, ordez, inflamazioak eta hiperrestrogenismoa areagotzen dizkigu. Ez dago legedirik oraindik kutsatzaile hormonalak elikagaietan mugatzen dituenik, frogatuta dagoen arren horiek sorrarazten dituzten ondorioak lazgarriak direla.

Horregatik guztiagatik, bertan ekoitzitako produktu ekologikoez elikatzearen aldeko gonbita egiten dugu. Horretaz gain, oso gomendagarria izan daiteke gure gorputzen, balioen eta ohituren araberako elikadura programa jakin bat egitea. Elikagaiak gure sendagai nagusia dira.

Eguneroko abiadura. Produktibitatearen bitartez, gure existentzia legitimatzen dugula sentitu ohi dugu maiz. Atsedena, baretasuna eta progesterona zigortuta daude. Urgentziari etengabe begiratuz, garrantzitsu denak lehentasuna galtzen du. Arrazoi bat eta beste dela medio, abiadura bizkorrean murgildurik gaude gutako asko egunerokoan. Baina ba al dugu arrakalarik horri ere planto egiteko? Zenbateraino da gure hautua estresean murgildurik ibiltzea etengabe?

Esaldi batean, gure proposamena zera da, “obeditu gorputzari, ez arau arrotzei”. Alde horretatik, gorputzetan oinarritutako bizimodu bat eraikitzekotan, inora joan baino lehen, ezinbestekotzat dugu geurea ezagutzeko bidea jorratzea, jakinda hori luzerako bidea dela. Baina bide horretan, apustu polit bat da gure obulazioa kokatzea, ezagutzea eta gure progesterona berreskuratu eta mimatzea.

Erregistroak. Guretzat, oinarrizkoa izan da erregistroak egiteko ohitura barneratzea, gure izate ziklikoak ezagutzen joateko. Idazketaren bidez, argazkien bidez, musikaren bidez, nahi duzun moduan, baina (asko maite ez dugun) disziplinarekin. Eutsi. Galdetu zure izateari, zure gorputzari, nola nago orain eta hemen?

Bizitzaren aldeko apustuan gaudelako, aurreko puntu sinple bezain konplexuak aintzat hartzera gonbidatzen zaitugu. Zure gorputza delako zure jabetza bakarra eta zure ardura nagusia.

*Argazkia Enara I. Dominguez-ez marrazki bat da (hemen gehiago)

*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2022ko otsailean