You are currently viewing Energia (mugitzen gaituen ‘hori’)

Energia (mugitzen gaituen ‘hori’)

Energiaren aferak ertz asko ditu. Alde batetik baino gehiagotatik begiratu diezaokegu gaiari, eta horrela egingo dugu, artikulu sorta honekin, helburua esan bezala gure mundu ikuskera zabaltzea baita eta nolabait hain barruan daukagun begirada androzentrikoaz haratago ikustea, edota guretik at dagoen horri arreta jartzea.

Energia beraz mugitzen gaituena da. Eta hainbat dira mugitzen gaituzten gauzak. Gu geu, interdependienteak garen heinean (nahiz eta Homo economicus-aren erroak txertatuak ditugun gure zelula guztietan), esan genezake haizeak berak mugitzen gaituela. Oinez goazela gure pentsamenduetan murgildurik, haize bolada baten ondorioz, arreta jartzen diozu kanpoan dagoen horri. Momentu batean zeure barne eztabaidak alde batera uzten dituzu, eta gertu duzun txori kuxkuxeroa ikusten duzu.

Noski, jendearen artean ere mugitzen gara, bizitzen jarraitzeko energia ematen diogu elkarri, izan ideia baten bidez, izan eginbehar baten bidez eta izan emozio baten bidez. Mugimenduan gaude eta mugimenduan gara. Horri tiraka, ezinbestekoak dira mugimendu sozial eta komunitarioak, parte hartze horren bidez zerbaiten parte garela sentitzen garelako, eta horrela, elkarrekin, norabide batean (berean) mugitzen gara.

Alabaina, normalean, energiaz hitz egiten dugunean, erregai fosilez eta energia berriztagarriez hitz egin ohi dugu bakarrik. Gaia mardula den arren, ikuspuntu arin eta ez-distopiko bat eman nahi genuke hemen, goiko guztiak duen garrantzia ahaztu gabe.

Mirene Begiristainek eta Pello Otxandianok “Trantsizio eko-sozialista Euskal Herrian” izenburua duen elkarrizketa honetan1 argi esaten duten zerbait azpimarratu nahi dugu: etorkizunean (ez dakigun epe labur, ertain edo luze batean baina pentsatzen duguna baino gertuago, gure ustez), Euskal Herriko biztanleok gure energiaren kontsumoa %50 murriztu beharko dugu. Beraz, horrek argi uzten digu gaur egun erabili beharko genukeen energiaren bikoitza erabiltzen gabiltzala.

Datu horrek burua beste aldera utzi digu guri, eta asko eman digu pentsatzeko. Nola imajina dezakegu gure bizitza %50-eko murrizketa horrekin? Zer egin dezakegu, apurka bada ere, kontsumo maila hori jaisten joateko eta beharrezkoa den desazkunde prozesua modu samur batean egiteko? Oraingo kontsumo hau, energiaren erabilera hau, egunerokoan ia denean dago: goizean esnatu eta kafea egiten dugunean, argia pizteko etengailuari ematen diogunean, autoa martxan jartzen dugunean, erosketak egiten ditugunean eta pisura erosi ordez plastikoz inguraturik dauden lekaleak erosten ditugunean, erabiltzen ez dugun zerbait zaborrera botatzen dugunean (ez gara gai horretan sartuko, baina ez dezagun ahaztu, zaborraren kudeaketa egiteko erabiltzen den energia).

Gu aspalditik gara gure ustetan trantsizio horretan laguntzen dabiltzan proiektu komunitario/kooperatibo batzuen partaide eta bazkide; esaterako: Txingudiko Labore2 (hemengo elikagai ekologikoak erosteko eta agroekologia bultzatzeko), Goiener3 (gure etxeetako argindarraren kudeatzeko eta energia komunitateen lanketa4 egiteko) eta Izarkom5 (telefonoa eta Internet). Badakigu eragile horiek (ekonomia sozial eta eraldatzailean gabiltzan besteak bezala6) adi daudela honetan guztian, ez dutela ahazten non gauden eta ahalegin guztiak egiten dituztela trantsizioa modu burujabe batean egin dezagun.

Kontsumoa eta energia erabiltzeko ohiturak aldatzea bada hautu indibiduala, baina ez dago zalantzarik gure bakardadean ez dugula gauza handirik aldatuko. Saretuak egon behar dugu, elkarren beharra baitugu. Adibidez, ongi dago birziklatzea, baina, horrek ez badu aldaketa kolektibo bat ekartzen (asko izanik birziklatzen dugunok), gutxi aldatuko dugu.

Ohitura batzuk aldatzetik haratago (bakoitzak ahal duen neurrian eta kulpa alde batera utzirik), badugu zer egina maila kolektiboetan. Adi egon. Denari. Behatu, arreta jarri eta beste artikuluetan esaten genizun bezala, ongi ez dagoen edozer ikusiz gero, hariari tira egin. Galdetu, aztertu, ikertu eta, behar izanez gero, salatu. Normaltzat jotzen ditugu hainbat gai, baina ez, ez da normala adibidez zure auzotik kimiko arriskutsuz beteriko kamioiak pasatzea eta Gabonetan hiriak apaintzeko jartzen diren argi horiek guztiak jartzea. Badaude beste aukera batzuk, eta, horiek egikaritzeko, elkarren beharra dugu, eta energiaz beterik egon behar dugu.

Bitartean, burujabetzen alde ahal ditugun urrats (txiki baina oso baliotsu) horiek ematen goazen heinean, ez gaiten ahaztu, erregai fosilak ez diren eta energia ematen diguten horietaz guztiez: elikatzen gaituzten harremanak, pertenentzia ematen diguten kolektiboak, arnasten dugun haizea garbitzen duten zuhaitzak eta, noski, elikatzen eta garbitzen gaituen ura. Dena da energia, mugimendua bizitza delako!

1https://www.youtube.com/watch?v=mj5P34ffI-M

2https://laboretxingudi.eus/eu/

3https://www.goiener.com/

4https://energiakomunitateak.goiener.eus/

5https://www.izarkom.eus/

6Ara!Gorputz (gure) kooperatiba, ekonomia sozial eraldatzaileko sare hauen parte da: BDS-Koop (www.bdskoop.eus) eta Olatukoop (www.olatukoop.eus).

*Ilustrazioa: Oihane Beñaran

*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2023ko martxoan