Gutxi gorabehera 28 egunez osatutako zikloa da, eta hilekoa dugun gorputzek izaten dugu. Nahiz eta egun kopuru hori izan adierazgarriena, batez bestekoa 26 egunekoa da. Dena den, 22 eta 35 egun artean osa daiteke.
Ziklo horretan, gorputzean hormona jakin batzuen dantza izaten dugu. Bi fase nagusitan banatzen da ziklo kiribil hori: fase folikularra (hormona nagusia estrogenoa da eta horrek obozitoak pizten ditu) eta fase luteoa (hormona nagusia progesterona da eta hilekoa edukitzeko prestatzen du gorputza).
Ikuspuntu ziklikoa gizarte lineal batean
Gure gorputzak bizi garen inguruarekin guztiz zeharkatuak daude; oso garrantzitsua da hori kontuan izatea gure barnean begiratzeko, bereziki gure hormonen dantza honek (ditugun gorabeherek) inguruan eragiten duena ikusteko.
Sistema horretan aurrera egiteko erakusten diguten ohiko era lineala da. Gehienbat hori delako produktiboena (edo hori sinestea nahi izan dute), kapitalismoaren aliatu fina. Hori izan da (hala berean) gure gorputzetatik urruntzeko erabili duten moduetako bat, baita gure zikloetatik ere. Menderatu egin gaituzte kapitalismoak, linealtasunak eta berdinzaletasunak. Hori dela eta, bagaren osotasunaren zenbait zati “kanpoan” uzteko beharra sentitzen dugu; batez ere, gure zikloaren zenbait ezaugarri, horiek ez baitira sartzen kapitalak konkistatuta duen errealitate honetan.
Baina hilekoa dugun gorputzok ziklikotasun batean bizi gara, gurea, bakoitzarena, gorputz propioarena. Hormonaren eredu horiek desberdinak diren arren, dantza jakin bati ekiten diote ziklo bakoitzean. Interes neoliberaletatik kanpo gure ziklikotasun horri heltzen badiogu, gure gorputzak berriz okupatzeko era zoragarria aurkituko dugu.
Ikuspuntu ziklikoa potentzia eta iraultza da, kanpokoa zalantzan jartzeko, barrenak ikuskatzeko eta kolektiboa hortik aztertzeko. Horregatik, biziki animatzen zaituztegu bide hori ibiltzera, gorputzera hurbilduko zaretelako eta ondorioz hieroglifo zoragarria deszifratzen joango zaretelako.
40 urteko ibilbidea eta lau arketipo
Gutxi gorabehera 8 -14 urteren bitartean lehen hilekoa dugunetik (menarkia), gure bizitzan 40 urtez izaten ditugun ziklo horietan, hormonen dantza gara.
Hilekoaren zikloa lau fasetan (edo arketipotan) banatu dezakegu. Batik bat, hauek dira faseen ezaugarria nagusiak:
- Hilekoa: Fase hau zikloan ageriena da, berarekin batera odola bera datorrelako. Lehenengo eguna (1) odol gorriarekin hasten da, eta gutxi gorabehera 3 eta 6 egun artean luzatuko da fase hori.
Naturarekin lotuz, negua balitz bezala ikus dezakegu. Lurrak urtaro horretan atsedena hartzen du; berriz ere jaiotzeko prestatzen da. Momentu oso egokia da, hala berean, guk gauza bera egiteko: erritmoa jaitsi, kobazuloan egon eta, ahal izanez gero, ezer ez egin.
- Obulazio-aurrea: Fase honetan estrogenoak gora egiten hasten dira, eta energia sentitzen goaz. Gorakada hori kudeatzeko, oso gomendagarria da gorputza mugitzea kirolaren eginez, adibidez.
Natura ziklikoaren ikuspuntutik, udaberria balitz bezala ikus daiteke: kimuak jaiotzen hasten dira, eta energia berrituaren eztanda gara.
- Obulazioa: Fase honetan estrogenoak beherantz doaz eta gure gorputza progesterona sortzen hasten da, obulatzen dugun momentua da.
Naturaren ikuspuntu ziklikotik uda bezala ikus daiteke, zuhaitzak fruituz beterik dauden momentua. Fase honetan besteekin erlazionatzeko nahia izan ohi dugu, partekatzeko grina eta agian, zaintzeko gogoak ere pizten zaizkigu.
- Hilekoaren aurrekoa edo menstruazio-aurrea: Bizi garen mundu ero honetan, ziurrenik gutxien ulertzen den fasea da. Kobazulorako bidea ibiltzen goaz, progesteronaren hormonaz lagunduak. Hormona horrek lasaitu egiten gaitu (betiere uzten badiogu).
Natura ziklikoaren ikuspuntuan udazkena balitz bezala ikus daiteke, hostoak erortzen doazen unea negurako bidean goazela.
*Argazkia Enara I. Dominguez-ez marrazki bat da (hemen marrazki gehiago)
*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2022ko otsailean