You are currently viewing Bizitza Babestu (kokapen ekofeminista bat)

Bizitza Babestu (kokapen ekofeminista bat)

Aurreko urteko artikuluetan aipatu bezala, gure abiapuntua (Ara!Gorputz egitasmo bezala) hilerokoaren zikloaren behaketa izan zen. Gure barren ziklikoak (nahiko) ongi ezagutu ostean, hurrengo urratsa idatzia zegoen: bizitzaren beraren ziklikotasunaz jabetzen goaz, apurka, geruza bat baino gehiago baititu gaiak. Bizitzaren beraren konplexutasuna ulertzea maite dugu, eta gaur egun dugun egia borobil ia bakarra zera da, bizitza eta bizirik dagoena ziklikoa dela.

Baina has gaitezen hasieratik; begira dezagun une batez lurrera. Orain eta hemen sostengatzen zaituen lur zati horretara. Ez du axola istant honetan sumatzen duzun zola binilozkoa izatea, zure etxeko zutabeen beheko aldean, lurra baitago. Zu hemen eta orain sostengatzen zaitu.

Baliteke (kontuan izanda Euskal Herriko biztanleriaren %80 hiriguneetan bizi garela), zu, gu bezala, porlanaren gainean jaio izana. Hiri txiki edo handi batean, borroka klaseko edo erdi-goi klaseko auzo batean, modu batean edo bestean; ziur gaude porlana eta errepideak zure paisaiaren ehuneko handi bat (izan) direla. Gero igandeetan mendira edo landa eremura txangoa: birikak freskatu, begiak arindu eta aurrera (edo).

Bai, badakigu Euskal Herrian oso gertu dugula “natura”. Zuhaizti basatiez eta mendi ederrez inguratuak gaudela: baditugu (oraindik) padura biziak, hondartza goxoak eta erreka freskoak hirietatik gertu. Kalekumea bazara, beraz, nahiz eta “hori guztia” gertu egon, naturaren parte sentitzen zara? Badago “naturarik” hirietan? “Natura” kontsideratzen ote ditugu biribilguneetako bakardadean bizi diren zuhaitz gaixoak? Edo gure pilatutako etxeen beheko partean mugaturik dagoen eremu berdea? Zer da ba “natura”? Nork babesten du? Nola? Zer egin dezakegu guk hirietatik bada ere?

(Jarraitu aurretik, ohartxo bat: artikulu sorta honetan ez dugu landa eremuaz hitz egingo ez bada datuak emateko. Gu, Ione eta Enara, esan bezala, hiritarrak gara. Baina bai aipatu nahi genuke landa eremuan bizi direnei diegun miresmena. Bizitzaren sostenguaren parte bat porlanaz beterik ez dagoen eremu horretan gertatu baita, eta (oraindik) bizirik dagoen horren zaintza landa eremuko biztanleek egin ohi dute).

Naturaren kontzeptu konplexu, zabal eta sakon honi tiraka, guretzat, begirada ekofeministak azken denboraldian harrapatu gaituen honetan (bizitza ziklikoa, esan bezala, ez baita gure barruetan amaitzen, eta ‘hilerokoaren iraultza komunitarioa izango da edo ez da izango’), natura guretik hasten dela uste dugu. Gure azaletik (dermisetik hasiz) barruraka gertatzen dena da, inguruan dugun oxigenoarekin (ez) muga egiten duelarik.

Guregandik harago, (ez) muga hori osatzen, milioika kontu daude: mota guztietako animalia ez-gizatiarren ekosistemak eta antolaerak, izan hirietako plazetan gusanitoak jaten dituzten usoak, izan baratze bateko txindurri biztanleria oparoa; sustraietatik saretutako zuhaitzen errepide ikusezinak, izan karriken porlana xehatzen duten horiek, izan harizti infinitu eta kaotikoak; bizitza laburra baina ederra duten lore koloredunak, izan errepidearen ertzean jaiotzen direnak, izan udaberrian han eta hemen agertzen diren sanjoan loreak; udazkeneko onddo eta urrezko zizak, izan edozein izkinan agertzen den goroldio ponpoxoa, izan hainbeste maite ditugun onddo beltzak… Guztiak, guztiok, biosferaren barruan babesturik gaude; ama lurraren zein Eguzkiaren elikadurarekin hazten gara, uraren energiarekin bustitzen garen eta ur hori bera edaten dugun bitartean… Hain da oparoa eta zaintzailea gure Lurra!

Ogi apur horiek utzirik, txori kuxkuxero bat izatera gonbidatzen zaitugu. 2023. urte honetako gure artikuluotan, bizitza babestea (edota saiatzea) izango da gaia. Gizakiok, izakiek ez bezala (izakitzat harturik animalia ez-gizatiarrak zein bizirik dagoen guztia), gauza asko ahaztu ditugu, gauza asko ahantzarazi dizkigute. Beraz, gu geu natura izanik, oraindik bizitzaren taupadak dituen horri erreparatzea, adi egotea eta entzuten (ber)ikastea ezinbestekoa dela deritzogu. Oroitzen jarraitzea dugu helburu, zeuk ere guk bezala jakin badakizulako bizirik zaudela.

Eta orain, entzuten dituzu zure lurraren azpian, zutabe horiei jarraikiz, urruti badirudi ere, Lurraren taupadak?

*Argazkia: A!G

*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2023ko martxoan