loader image

Gizonek hilerokoa balute (Gloria Steinem, 1978ko urria)

Gloria Steinem (1934, AEB) kazetaria, idazlea eta erreferente feminista bat da. 1960ko hamarkadatik aurrera emakumeen eskubideen aldeko ikur bihurtu zen, eta bere jarduera feminismo zuri liberalaren barruan kokatu ohi da.

Norbanakoaren askatasuna eta emakumeen ahalduntze pertsonala aldarrikatu zituen, baina ez zuen sakondu beste zapalkuntza-sistemetan, hala nola, kapitalismoan, kolonialismoan edo arrazakerian.

Jarraian irakurriko dugun testua 1978an Ms Magazine aldizkarian publikatu zuen lehen aldiz. Umorearen eta satiraren bidez, esperimentu mental bat egitera gonbidatzen gaitu Steimnek.

Gorputzaren politikara hurbiltzeko erreferentziazko testu bat da, “pertsonala politikoa da” diogunean zer esan nahi dugun erantzuten du.

“Gizonek hilerokoa balute” testuak erakusten du nola botereak bere burua naturalizatzen duen, bere jatorri arbitrarioa ezkutatuz.

Gizonek hilerokoa balute

Gloria Steinem, 1978ko urria

Mendeak igaro ditu munduko gutxiengo zuri batek iruzur egiten saiatzen, larru zuria duen jendea hobea dela sinestarazten. Baina larru zuria izateak gauza bakarra suposatzen du: izpi ultramoreei eta zimurrei sentikorragoa izatea. Emakumeek, propio, zakilaren inbidia dutelakoan, gizaki arrek kultura osoak eraiki dituzte, nahiz eta zakila, babestu gabeko organoa izanik, gizona zaurgarri bilaka dezakeela esan litekeen, eta haurrak munduratzeko gaitasunagatik, uteroarekiko inbidia izateak ere logikoa dirudien.

Azken batean, boteretsuen ezaugarriak, direnak direla ere, boteregabetuen ezaugarriak baino hobeak direla uste da — eta logikak ez du horrekin zerikusirik.

Zer gertatuko litzateke, adibidez, bat-batean, magiaz, gizonek hilerokoa izango balute, eta emakumeok ez?

Erantzuna argia da: hilerokoa harrotzeko moduko gertaera inbidiagarri eta maskulinoa bilakatuko litzateke; gizonak beraien zikloen luzeraz eta kopuruaz harrotasunez arituko lirateke.

Hain desiratutako hilerokoaren hasiera hori gizontasun frogatzat hartuko lukete mutilek, eta erlijio-errituz eta gizon-festaz nabarmenduko lukete.

Hilabeteko minak desagerrarazten laguntzeko, Dismenorrearen Institutu Nazionala sortu eta finantzatuko luke kongresuak.

Hilerokoarentzako produktuak estatuak finantzatuko lituzke, eta doakoak izango lirateke. Hala ere, gizon batzuek prestigiozko marka komertzialak ordaintzen jarraituko lukete noski, hala nola John Wayne Tanpoiak, Muhammad Aliren Rope-a-dope1 konpresak, Joe Namath2 salvaslipak – “ezkongabe-egun arin horietarako”- eta Robert “Baretta” Blake3 maxi-konpresak.

Gizon militarrek, eskuineko politikariek eta fundamentalista erlijiosoek menstruazioa (“men4-struazioa”) aipatuko lukete frogatzeko gizonek bakarrik zerbitzatu lezaketela Armadan (“odola eman behar baita odola hartzeko”); gizonek baino ez luketela kargu politikorik izango (“izan ere, izan ote daitezke emakumeak erasokorrak, Marte planetak gobernatutako ziklo egonkor hori gabe?”); gizonak baino ez liratekeela apaiz eta ministro (“nola emango du emakume batek bere odola gure bekatuengatik?”) edo rabino (“hilabeteko kutsadurak galdu gabe, emakumeak zikin mantentzen baitira”).

Gizon erradikalek, ezkerreko politikoek eta mistikoek, ordea, emakumeak berdinak bai, baina desberdinak ere badirela nabarmenduko lukete. Izan ere, edozein emakumek izango luke haien mailan sartzeko aukera, baldin eta hilabetero beren buruari zauri handi bat egiteko prest balego (“odola eman BEHAR baituzu iraultzarako”), baldin eta menstruazio kontuen gorentasuna aitortuko balu, edo, baldin eta gizonen Ilustrazio Zikloaren menpe kokatuko balu bere burua.

Kaleko mutilek harro adieraziko lukete: “Ni hiru konpresako gizona naiz” edo lagun bat goraipatzean: “Hi, itxura ona daukak!”; hark bostekoa emango lioke, eta besteak erantzungo lioke: “Bai, motel, hilerokoarekin nago eta!”.

Telebista saioek gaia luze jorratuko lukete: “Happy Days5: Fonziek bi hilabetez ez du hilerokorik izan, baina oraindik ere “Fonz” dela sinetsarazten ari zaizkio Richi eta Potsie”.

Baita egunkariek ere: “MARRAZOEN ALERTA, HILEROKOA DUTEN GIZONAK MEHATXATUTA”. Edo “EPAILEAK BORTXATZAILE BAT ERRUGABETZAT JO DU “ESTRES MENSTRUALA” ARGUDIATUZ”.

Eta filmek ere bai: “Newman eta Redford, elkarrekin, “Odolezko Anaiak” filmean!”.

Gizonek emakumeei pentsaraziko liekete sexu harremanak atseginagoak direla “hilabeteko momentu horietan”. Lesbianak odolaren beldur direla esango lukete, eta horregatik, bizitzaren beldur ere badirela — nahiz eta, agian, hilerokoa duen gizon on baten beharra besterik ez izan.

Noski, gizon intelektualek argudio moral eta logikoenak eskainiko lituzkete. Nola menderatuko luke emakume batek, adibidez, denbora, espazioa, matematika edo neurria eskatzen duen diziplinarik, ilargiaren zikloak eta planeten orbitak neurtzeko berezko trebetasun hori gabe — hau da, nola neurtuko luke edozer? Filosofia eta erlijioa bezalako alor berezietan ere, konpentsatu ahal izango lukete emakumeek unibertsoaren erritmoekin armonian ez egotea? Edo hilabetero heriotz eta birsortze sinbolikorik ez izatea?

Arlo guztietako gizon liberalak atseginak izaten saiatuko lirateke: “jende horrek” bizitza neurtzeko edo unibertsoarekin loturak egiteko gaitasunik ez izatea nahikoa zigor izan beharko luke, adieraziko lukete liberalek.

Eta zein modutan erreakzionatzeko prestatuko lituzkete emakumeak? Ziurrenik emakume tradizionalak argudio guztiekin ados egongo liratekeela, leial, irribarre masokista batekin. (“Konstituzioari proposaturiko zuzenketak etxekoandreei behartuko lieke hilabetero zauriak egitera”: Phyllis Schlafly6. “Zure senarraren odola Jesukristorena bezain sakratua eta sexya da!: Marabel Morgan7.)

Erreformistak eta emakume patriarkalak gizonak imitatzen saiatuko lirateke, hilerokoa dutelako itxurak eginez.

Feministek esango lukete gizonek Marteko oldarkortasun faltsuaren ideiatik askatu beharko luketela, emakumeak hilerokoen inbidiatik ihes egin beharko luketen bezala.

Feminista erradikalek gehituko lukete: ez-menstruazioaren zapalkuntza izan zela beste zapalkuntza guztiak egiteko eredua (“Banpiroak izan ziren gure lehenengo askapen borrokalariak!”).

Feminista kulturalek odolik gabeko irudiak sortuko lituzkete artean eta literaturan.

Feminista sozialistek aldarrikatuko lukete kapitalismoaren baitan bakarrik izango luketela gizonek menstruazioaren odola monopolizatzeko gaitasuna.

Egiatan, gizonek hilerokoa izango balute, seguraski, boterea justifikatzen jarraituko lukete.
Utziko bagenie.


Originala: http://www.mum.org/ifmencou.htm

1Rope a dope: Muhammad Alik 70. hamarkadan erabili ohi zuen boxeo-teknika arrakastatsua izan zen.

2Joe Namath futbolari famatua izan zen, baita pop kulturako ikonoa ere.

3Robert Blake aktorea ezagun egin zen “Baretta” detektibe telesailean. Robet Blake-i bere emaztea erail izana leporatu zioten eta kasu oso mediatizatua izan zen.

4“Men” hitzak ingeleraz, testuaren jatorrizko hizkuntzan, “gizonak” esan nahi du.

570. hamarkadan AEBn ospe handia izan zuen telesaila da Happy Days. Bertan, 1950. hamarkadako AEBetako patriarkatua idealizatzen da. Pertsonai nagusia, Fonz, maskulinitate hegemonikoaren eredu da eta Richi eta Potsekiko mentore rola hartzen du.

6AEBetako aktibista kontserbadore ezaguna izan zen, eta 1970eko hamarkadan Emakumeen Eskubideen Aldaketaren (ERA — Equal Rights Amendment) aurkako mugimenduaren lider nagusietako bat. Familiaren eta rol tradizionalen aldeko diskurtso sendoa izan zuen, eta emakumeen lan nagusia etxean eta ama izatean oinarritu behar zela defendatzen zuen.

7AEBetako idazle eta hizlari ebanjeliko kontserbadorea da, eta 1970eko hamarkadan oso ezaguna bihurtu zen The Total Woman (1973) izeneko bere liburuagatik. Liburu horretan, emakumeek euren ezkontza hobetzeko jarraitu beharreko jokabideak proposatzen zituen. Bere mezu nagusia zen emakumeak zoriontsuago izango zirela senarraren beharrak lehentasun bihurtuz.

Scroll to Top