loader image

Hilekoa eta mutilak*

Lehen Hezkuntzako ikasgeletan hilerokoaren inguruko saioak ematen hastear ginela, zalantza handiak genituen mutilen parte-hartzearen inguruan. Hilerokoaren inguruko saioetan egon behar al ziren mutilak? Neskekin bakarrik egonez gero, intimitate handiagoa lortuko genuke eta gaia hobeto landu? Baina hala jardun ezkero, zer egingo lukete mutilek? Patiora atera futbolean aritzera? Ez. Mutilek ere formazioa jaso behar zuten, gaiarekiko ardura hartu behar zuten eta informazioa jasotzeko eskubidea zuten. Erabakia hartua genuen, baina ez genekien nola integratu mutilak eta nola egin neskak haien ondoan eroso senti zitezen.

Ordura arte, babes-espazio ez-mixtoetan lan egin izan genuen, gizonik gabe beti. Baina 7 urte pasa dira eskoletako saioetan mutilak integratzea erabaki genuen hartatik, eta gure intuizioa egoki zebilela erakutsi digu esperientziak. Izan ere, mutil eta gizonek badute zer ikasi eta zer egin hilerokoaren inguruan.

Ikasgelan sartu eta hilerokoaren zikloaz hitz egingo dugula aipatzen dugunean, mutil gehienek ez dakite zertaz arituko garen. Gaian murgiltzen goazen heinean aldiz, erreakzioak azaleratzen dira: batzuek urduritasuna barrearen bidez askatzen dute, beste batzuek nazka-keinuekin babesten saiatzen dira eta badira pixka bat blokeaturik hitzik egiten ez dutenak. Ez da harritzekoa: ez dute formaziorik jaso inoiz eta hilekoarekin kontaktu txiki asko izan dituzte, sarritan desatseginak. Hona hemen adibide batzuk:

Konpresa bat ikustea taberna bateko zaborrontzian, inguru zikin eta kaotikoan, espero ez zuten momentuan. Konpresa edo tanpoi-paketeen presentzia misteriotsua sentitzea komuneko apalean. Iragarki koloretsuetan, neska alaiak akrobaziak egiten ikustea eta jarraian konpresa bat fluxu urdinarekin. Txiste eta komentarioak entzutea, hilerokoa haserrearen eta eromenaren sinonimo gisa aurkezten dutenak. Xuxurla artean entzutea neskak: “gaur ezin dut, hilerokoa dut”. Ezkutuan, neska batek besteari zerbait pasatzen ikustea. Arreba edo ama, minez, nekatuta edo umore txarrez sentitzea.

Aluaren ezezagutza ere hor dago, noski, konfusioa areagotzen. Eta aluaren tabua irekitzean, beste tabu batzuk ere azaleratzen dira: jaiotze prozesuak eta sexuak, besteak beste. Emozioak eta jakin-mina borborka nabari dira, elkarren lehian. Batzuetan, mutilek, sumindurik galdera hau egiten digute: “Zergatik egon behar naiz ni hemen, hilekorik izango ez badut?”

Galdera ona da, eta erantzuna jasotzeko pazientzia pixka bat eskatzen diegu. Dituzten burutazioak eta zalantzak partekatzera, pentsatzera, behar badute lasai barre egitera edo mugitzera, eta entzutera gonbidatzen ditugu. Hala egin ohi dute, eta saioa aurrera doan heinean, klima lasaitzen doa. Kuriositateak, hurbiltasunak eta lotsa faltak irakaspen partekatu ederrak sortzen dituzte. Saioaren amaieran, hasierako galderara bueltatzen gara, eta mutilek, beraien hitzekin, hau esaten dute:

“Nire ikaskideek hilerokoak albait hoberen igaro ditzaten, ahal dudana egingo dut”


Bihotza maitasunez betetzen zaigu, eta denak zentzua hartzen du. Hilerokoa denon ardura dela ez dago zalantzan jartzerik. Are gehiago: informazioa izateak eta arlo horretan rol bat izateak hobeto sentiarazten ditu. Familia guztiei dei egiten diegu: hitz egin hilerokoaz, mutikoekin ere. Mundu-ikuskera ziklikoa elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun 😉

Scroll to Top