loader image

Hilerokoaren zikloaren inguruko ikerketa zientifiko eta parte hartzailea

2024. urteko iraila zen. Ikasturtea apurka-apurka hasten ari ginela, e-posta pizgarri bat jaso genuen: Jours à Venir (edo Biharamuneko Tailerra, edo guk esaten diegun bezala, JAV) Kooperatibako kideak ziren. Hilerokoaren inguruko ikerketa parte hartzaile eta zientifiko bat martxan jartzera zihoazen, eta gure atea jo zuten laguntza bila.

Beti, beti, beti, gure saio guztietan aipatzen dugu hilerokoaren zikloaren inguruan dauden ikerketak oso urriak direla. 25 urte baino ez dira lehen ikerketak egiteari ekin ziotela, eta, esate baterako, hilerokoaren fluxua oraindik ez da osasun analisietarako erabiltzen, informazio asko jasotzen duela jakina den arren. Ez da berria; emakumeok eta hilerokoa dugun gorputzok bigarren mailakoak izaten jarraitzen dugu.

Hutsune lazgarri hori dela eta bereziki poztu gintuen ikerketa proposamenak. Gure esku zegoen Bidasoko taldea osatzea, eta JAVekoek dinamizazio lanetan jardungo zuten. Hasiera batean ez genuen ongi ulertu zein izango zen prozesuaren ibilbidea, baina ez zuen axola, hilerokoaren inguruko ikerketa zientifiko eta parte hartzaile baten parte izango ginen eta pozarren ginen!

Lehen saioan dena argi utzi ziguten Loretxuk, Leilak eta Graxik. Emma beranduago batu zen. Saio batzuk egingo genituen galdera, Galdera!, zehazteko, ikerketarako hipotesia. Hura zehaztu ahal izateko, interesekoak zitzaizkigun gaien inguruan zeuden ikerketak elkarrekin ezagutu eta aztertuko genituen. Horrela, Galdera zehazteko prozesuarekin martxan jarri ginen.

Hurrengo saioetan zehar, bakoitzak bere bihotz eta esperientzien baitan zekartzan galderen, hipotesien eta kezken inguruan hara eta hona aritu ginen, hilerokoaren zikloa ardatz genuela:

Mina: Biziko al naiz noizbait hileroko minik gabe? Zein bide posible daude mina ekiditeko?;

Aktibitate fisikoa eta kirola: Nola eragiten du hilerokoan? Nola landu dezakegu uteroa? Zein eragin du hilerokoan gure bizi sedentarioak?;

Hilerokoaren fluxuaren onurak: baina, eta… onurak zerrendatzen baditugu, eta kapitalak gure hilerokoaren fluxua merkantzia bilakatzen badu, zer?;

Kutsadura: Zergatik etortzen zaie geroz eta lehenago lehen hilerokoa haurrei? Nolakoak dira gure airearen, uraren eta lurraren kalitateak? Eta zein eragin dute gure osasun hormonalean?;

Paleolitikoa eta labar-pinturak: Labar-pintura batzuk hilerokoaren fluxuarekin eginda egon daitezke? Patriarkatuaren aurretik nolakoa zen hilerokoarekiko pertzepzioa? Mundu ikuskera ziklikoa zuten?;

Kapitalismoa eta utero zanpatuak: Nola biziko ginateke eta nolakoak izango lirateke gure bizitzak gure uteroak lasai eta erlaxatuta egongo balira?; …

Hausnarketa guzti horietan murgilduta ginen bitartean, gure istorio pertsonalak eta intimitateak airean zebiltzan, dena amalgamatzen zuen usain gazi-gozo bat bezala. Elkarrekin, jendarteak normalizatutako biolentziak ere ikusgarri egin genituen. Prozesua bera, osagarria eta hezitzailea izaten ari zen.

Galdera gertu dago… Galdera topatzen ari gara… Eta bitartean, JAVeko kideek dagoeneko existitzen diren hainbat ikerketa aurkeztu dizkigute, eta guztiak aski interesgarriak direnenez, horien inguruan argitaratuko dugu.

Gure ikerketa-galdera, Galdera, zein den jakin nahi al duzu? Adi egon gure Telegram kanalera, bertatik joango gara-eta ikerketa zirraragarri honen berri ematen! 🙂

*Artikuluaren irudia, Enarak akuarelekin pintatutako marrazkia da.

Scroll to Top