Kaixo! Gu gara Enara I. Dominguez eta Ione F. Zabaleta, Ara!Gorputz kooperatibako kideak. Izenak dioen moduan gorputzak dira gure lan ardatza. Gorputzen eta horien prozesuen burujabetzaren bidean kiribilean ibiltzean datza gure jarduna.
Hilekoa dugu. Ziklikoak gara. Norbere gela propioan gure prozesuez ikasten hasi ginen duela jada hamar urte. Irakurtzen eta idazten. Egunerokoak osatzen eta denbora bat pasatuta horiek irakurtzen, azpimarratzen, aztertzen eta, esanguratsuak ziren gakoen inguruan, ondorioak ateratzen.
Hilekoaren inguruko komunitate pedagogiko birtualean topatu genuen elkar, Soy1Soy4 izenekoan[1], 2015. urte inguruan. Bizilagunak ginela jakin genuen, eta harrezkeroztik elkarren alboan dihardugu autobehaketa prozesuetan eta ikasketetan. Elkar zaintzen eta ikasitakoa partekatzen ibiltzen gara Euskal Herrian zehar. Pedagogia feminista eta herrikoitik, beti.
BulbAhizpak autokudeatutako ginekologia taldearen parte izan ginen. Esan genezake hura izan zela gure abiapuntu praktiko komunitarioa. Espazio paregabea izan zen taldea osatzen genuen kideen jakinduria, momentu hartara arte ibilitako bidea eta esperimentazioak balioztatzeko.
Gorputz bulbadunen gaineko minak asko dira, ikerketak oso urriak eta medikalizatze maila ikaragarria. Normaltzat dugu hilekoa jaitsi aurreko egunetan angustia sentimenduak izatea. Normaltzat dugu endometriosi edo fibromialgia gaixotasun mingarriak diagnostikatzeko urte luzeak pasatzea. Normalak hauen inguruko ikerketa zein tratamendu faltak. Normaltzat dugu genero estereotipoei men egiteko neska nerabeei obulazioa deuseztatuko dien pilulak errezetatzea.
Eskoletan esku-hartze programa bat sortzeko beharra ere ikusi genuen. Asaldagarria irudituko litzaiguke McDonald’s eskoletan jardutea elikaduraren inguruan hitz egiten. Baina arazo gabe dabiltza Evax-Tampax eta Ausonia eskola batetik bestera, aspalditik, marketin saio kamuflatuak egiten. Tabuak sortzen duen hutsuneari errentagarritasuna ateratzen. Horregatik, gure xumetasunetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, euskarazko baliabideak sortzen gabiltza duela urte urtetik hona, irakasleek ziklikotasuna jorra dezaten haurrekin, gure edo zuen prozesuetatik abiatutako informazioarekin.
Hurrengo hilabeteetan argitaratzen joango garen artikuluetan, gure jardunean ateratako hainbat altxor zuekin partekatzeko gura dugu. Hilekoaren ziklora hurbilpen orokor bat egingo dugu lehenik, bere osotasunaren kontzientzia izateko.
Hilekoa ez da bakarrik egun batzuetan isurtzen dugun fluxu gorria, ziklo baten parte da. Eta ziklo horren muina obulazioa dela esan dezakegu. Hilekoa, fluxu gorria, obulazioagatik gertatzen da. Beraz, obulaziorik gabe, ez dago hilekorik. Horregatik, hilekoaren zikloari obulazioaren zikloa ere esaten diogu. Gure osasun adierazlea da obulazioa. Horren garrantziaz, oztopatzaileez zein babesleez eta emakumetasunarekin dituen limurtze eta gogaitzeez arituko gara.
Hilekoaren aurreko fasearen ahots bat ere aurkeztuko dizuegu. Hilekoaren aurreko fasea, izenak dioen moduan, hilekoa jaitsi baino lehenagoko egunek osatzen dute. Fase horrek xuxurlatzen dio entzun nahi duenari: arazoa ez dago zure gorputz ziklikoan, sisteman baizik.
Eta, azkenik, gure bizitzetan dauden haurren lehen hilekoan bidaide goxo eta samur izateko pista batzuk partekatuko dizkizuegu. Izan ere, garai berrietan gaudela sentitzen badugu ere, hilekoaren inguruko tabuak antzinako gauza direla uste badugu ere, haur gehienek hilekoa zuzenean hiru kontzepturekin erlazionatzen dute Euskal Herriko txokoetan, hiru hitzekin: nazka, mina eta lotsa.
*Argazkia: Enara I. Dominguez-en marrazki bat da (hemen marrazki gehiago)
*Artikulu hau Iragarki laburrak atarirako idatzi genuen 2022ko otsailean