You are currently viewing Zuhaitzak (Bizitzaren zaindari isilak)

Zuhaitzak (Bizitzaren zaindari isilak)

Aurreko artikuluan aipatzen genizun bezala, hirian ere badago “natura” (ez dezagun ahatz guretik hasten dela eta ez dela soilik igandeetako txangoetan ikusten duguna). Oro har, hirietan zuhaitz dezente ikus ditzakegu. Guretzat ez dira nahikoak, baina, hala ere, han eta hemen, porlanez inguraturik edo karratu xixtrin horietan, badaude.

Parkeak ere baditugu. Espazio horietan, ziurrenik hirietako zuhaitzik zaharrenak topa ditzakegu. Baina, edozein kasutan, oro har, hirietako zuhaitzak ez daude oso sano. Gu ere ez, badakigu. Gaixotasunaren eta osasunaren mugan bizi gara uneoro, gure garaiotan zaila baita gaixorik dagoen testuinguru eta gizarte batean osasuntsu egotea (kutsaduraz inguraturik, estresera eramaten gaituzten lan baldintzekin, eta abar).

Zuhaitzei antzeko zerbait gertatzen zaie. Gu bezalaxe, saiakera onena egiten aritzen dira, uneoro egokituz, irautea baita haien helburua nolako baldintza eskasetan bizi diren ikusita. Horretan ere, antza handia dugu haiekin. Alabaina, ez diegu askorik erreparatzen zuhaitzei, eta hirietan, oro har, zuhaitz bat eta farola bat modu berean tratatu ohi dira. Egia esanda, farolen mantenimenduan diru gehiago erabiltzen da zuhaitzetan baino (ez badiguzu sinesten, galdetu dezakezu zure herriko udalean).

Zuhaitzekin dugun axolagabekeria erraz ikus dezakegu obraren batetik pasatzen bagara, adibidez. Begirada batez ikusiko dugu nola dauden gertuko zuhaitzak. Askotan, inguruko lurra mugitzen da, eta horien sustraien gainean oso pisutsuak izan daitezkeen hondeatzaile erraldoiak jartzen dira. Gero, denbora bat pasatzen denean, ohikoa izaten da zuhaitz horiek ahultzea, eta zailtasun handiak izaten dituzte bizirik irauteko; orduan, arduragabekoa izan ohi da erakundeetatik datorren erantzuna: “Dirudienez, inongo arrazoirik gabe hil da”, edo “ez dakigu zergatik baina gaixo dago; beraz, moztuko dugu”.

Gure Mendebalde androzentriko eta hainbeste ahaztu dugun honetan, konexioak berriz topatzea ezinbestekoa dela deritzogu, eta ariketa hori behin eta berriz egin behar dugu. Gure ustetan, ez da aukera kontua, bizitza babesteak lagunduko baitigu gaur egungo krisi ekosozialetik ateratzen. Konexio horiek, beraz, hor daude, egunerokoan, gure barrenera begiratuz, eta gure etxeko leihoetatik beste aldean topatuko ditugu. Gure zain daude. Berriz gogoraraztea premiazkoa da.

Zuhaitzek ere behar gaituzte, guk haiek behar ditugun bezala. Agian, ahazten dugu ziurrenik guk haiek baino gehiago behar ditugula. Haiek garbitzen dute airea, eta garbiketa hori ez dute soilik mendietako zuhaitzek egiten, biribilguneetan eta porlanezko karratu mugatu horietan bizi diren zuhaitzek ere egiten dute.

Suzanne Simardek bideo honetan1 oso ongi adierazten duen bezala, zuhaitzen ekosistema izugarria da. Zainetatik konektatuak daude (ahal dutenak behintzat), eta haietatik komunikatzen dira. Txiki bat jaiotzen denean, inguruko denek laguntzen diote bidean. Irudikatzen ahal duzu lur azpian dagoen komunikazio sare erraldoi hori?

Ara!Gorputzeko kideoi filosofatzea asko gustatzen zaigu, baina, horretaz gain, ezinbestekoa ikusten dugu alderdi praktikora joatea. Beraz, lehenik, hona galdera batzuk: ezagutzen dituzu zure auzoko zuhaitzak, edo egunero gurutzatzen dituzunak? Zein motatakoak dira? Nolako baldintzatan daude? Behatu dituzu inoiz? Gelditu zara noizbait haien itzalpean? Ikusi duzu nolako txoriak gerturatzen zaizkien?

Zure hiriko, herriko edo auzoko zuhaitzek behar zaituzte. Ez dute (guk entzun ahal dugun) ahotsik, beraz, gure ahots gizatiarra erabiltzea ezinbestekoa da. Urtero, udaletan landaketa planak izaten dira, eta baita ere, zuhaitz zein berdeguneen zaintzarako diru partidak. Zure eremukoa eskatzera gonbidatzen zaitugu, eta bitartean, behatzen zoazen zure inguruko zuhaitzetan aldaketak ikusten badituzu (izan adar lodiren bat apurtu dela edo hostoetan kalterik ikusten duzula), udalari abisua ematera gonbidatzen zaitugu. Esan dugun bezala, farola zein trafiko seinaletan, zuhaitzen mantenimenduan baina diru gehiago gastatzen ohi dute udalek. Eta honek ez gaitu laguntzen gure konexioak topatzen jarraitzera.

Zuhaitzak bizirik daude, eta badakigu honaino irakurtzera iritsi bazara badakizula. Baina nolako balioa ematen diegu izaki bizidun horiei? Denon esku dago bizitza zaintzen duten kide isilok babestea.

1https://www.youtube.com/watch?v=1TPX9SyDCbk

*Argazkia: A!G

*Artikulu hau Iragarki Laburrak atarirako idatzi genuen 2023ko martxoan